Ana Clara Villanueva Latorre, Nafarroako Kontseiluko lehendakari berria - Consejo Navarra

Ana Clara Villanueva Latorre, Nafarroako Kontseiluko lehendakari berria.

Ana Clara Villanueva Latorre jurista iruindarrak Nafarroako Kontseiluko lehendakaritzaren kargua hartu du gaur. Foru Komunitateko organo aholku-emaile gorena da Kontseilua, eta erakunde publikoei arau eta erabaki garrantzitsuen egokitasun juridikoari buruzko aholkularitza ematen die.
Responsive Image
Jabetza hartzeko ekitaldia Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko ekitaldi-aretoan egin da, María Chivite Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren aurrean, Kontseiluaren antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduak ezartzen duen bezala.

Maiatzaren 6an, Nafarroako Kontseiluko kideek aho batez eta isilpeko bozketa bidez hautatu zuten Villanueva lehendakari, eta haren izendapena Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzak berretsi zuen, maiatzaren 6ko 8/2025 Foru Dekretuaren bidez.

Kontseilua osatzen duten gainerako juristak ere egon dira ekitaldian: Eduardo Santos –kontseilukide idazkaria–, Hugo López, Rafael Lara eta Inés Olaizola. Azken horrek joan den maiatzaren 6an agindu zuen kontseilukide kargua. Ekitaldian izan dira, halaber, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Nafarroako beste erakunde batzuen ordezkariak eta lehendakari berriaren ahaideak.
 
Villanuevak José Luis Goñi Sein, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lan Zuzenbideko katedraduna, ordezkatu du karguan, kontsulta-organoko buru izateko agintaldia amaitu baitu.

Ana Clara Villanueva 2024ko ekainean izendatu zuten kontseilukide. Datozen lau urteetan –kargurako ezarritako gehieneko aldia, berrautatzeko aukerarik gabe–, kontseilukidearen berezko eginkizunak garatzen jarraitzeaz gain, bere gain hartuko ditu instituzioa ordezkatzea, Kontseiluaren gaiak eta gastuak kudeatzea eta osoko bilkurak zuzentzea. Izan ere, Osoko Bilkurak irizpenak, aurrekontuak, plantilla eta erakundearen funtzionamendurako funtsezkoak diren beste gai batzuk onesten ditu.

Ana Clara Villanueva lehen emakumea da erakunde horren burutzan, hain justu Kontseiluarentzat bereziki garrantzitsua den urte batean, Kontseilua sortu zenetik 25. urteurrena ospatzen baita.

Urteurren hori dela eta, hainbat ekintza aurreikusi dira urtean zehar, Kontseiluaren lana herritarrengana hurbiltzeko. Ospakizun nagusia abenduan izanen da, urteurrena ospatzeko jardunaldia eginen baita aditu eta profesionalekin zeinek ezagutzen baitute organoak ordenamendu juridikoaren eta Nafarroako gizartearen alde egiten duen lana.