Nafarroako Errege Kontseilua - Consejo Navarra
Nafarroako Errege Kontseilua
Erdi Aroa eta Errege Kontseilua
Erdi Aroan, erresuma bakoitzak bere kontseilua zuen. Nafarroan, erresuma independentea zenetik, Erregearen Kuria eratu zen, erregearen hurbilekoek, nobleek eta adituek osatua. Teobaldo I.aren erregealdian (XIII. mendea), Errege Kontseilua finkatu zen, eta aholkularitza politikoko eta judizialeko eginkizunak betetzen zituen. Hasieran, erresumako hamabi nagusiek osatu zuten kontseilu hori, Foru Orokorrari jarraikiz.
Gaztelak Nafarroa bereganatzea
1515ean Gaztelak Nafarroa bereganatu ondoren, Kontseilua erregeordeari aholku ematen hasi zitzaion. 1494an, kontseiluburuaren figura sortua zen, baita “Kontseilu murriztua” ere, teknikoagoa. Legelariek osatzen zuten organo hori, eta, hala, Kontseilua Nafarroako auzitegi eta gobernu-aholkulari nagusi gisa finkatu zen.
Egitura eta eginkizunak
1525etik aurrera, Valdés bisitatzailearen ordenantzei jarraikiz, sei kontseilarik eta kontseiluburu edo arduradun batek osatzen zuten Kontseilua, fiskal, notario eta abokatu talde batekin batera. Bilkurak epaitzeko, erabakitzeko edo kontsultarako izan zitezkeen. 1561etik aurrera, errege-xedapenei oniritzia eman ziezaiekeen, eta Gorte Nagusiaren eta Kontuen Ganberaren arteko apelazioak ebazten zituen.
Ezabatzea eta berreskuratzea
Nafarroako Errege Kontseilua 1836an desegin zen, eta haren ordez Lurralde Auzitegia eratu zen. Demokraziaren aroan, 1982ko Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak kontseilua berrezarri zuen, organo aholku-emaile gisa. Gaur egun, Nafarroako tradizio juridikoa bizirik mantentzen du, eta ordenamendu juridikoa bermatzen.
